Sarrera

Gazteentzat ekonomiari buruzko testua idazteko Elena Pataki editoreak egindako gonbidapen batetik sortu da liburu hau.

Beti pentsatu izan dut ekonomiari buruzko kontu handiak ezin badituzu azaldu gazteek ulertzeko moduan, zuk zeuk ere ez dituzula ulertzen. Elenaren proposamena bereziki tentagarria zen, ekonomia gure solasaldien gai nagusia bihurtu baitu krisiak, eta baita gure jendartea zatitzen duen kezka nagusienetakoa ere. “Lortuko al dut idaztea?”, esan nion nire buruari. “Eta lortzen badut, baliagarria izango al da gainerako irakurleentzat, edota Danae Stratou nire bikotearentzat, eta bere haurrak diren Nikolas eta Esmeralda Momferratourentzat? Haiek ere irakurtzea nahiko nuke”. Hurrengo orrialdeek erakutsiko dute lortu ote dudan.

Beste arrazoi bategatik ere onartu nuen Elenaren proposamena: nire alabarengatik. Berarekin akordatzen naiz, bere hutsunea zerbait iraunkorra balitz bezala sentitzen baitut. Australian bizi da eta, beraz, ez gaude elkarrekin eta berriro elkartzeko egunak kontatzen aritzen gara, edota elkarrekin gaude eta orduan berriro agurtu arte geratzen zaizkigun egunak kontatzen ditugu. Horrela, idazten nuen bitartean, ez nuen bere erreakzioetan besterik pentsatzen, eta horrekĀ  berarengandik hurbilago sentiarazten ninduen. Modu argiagoan eta zuzenagoan idazten lagundu dit alaba nire irakurlerik zorrotzena dela jakiteak.

Edukiari dagokionez, arreta Greziako azken urte tristeotako errealitatean ez jartzea erabaki nuen. Memorandumak, pobrezia, 2010az geroztik duintasunik gabe nola bizi ginen eta antzekoak alde batera utzi, eta denongan leku guztietan eragina duten ekonomia sozialaren kontu handiei begiratu nahi izan diet. Hartara, irakurleak, nahi izanez gero, gure ekonomia sozialaren geldialdia beste begi batzuekin ikusteko erabili ahal izango du, eta ohartzeko, boterean daudenek zergatik egiten dioten uko, temati, gure jendarteak Grezian, Europan eta mundu osoan sendabidera eramango lituzketen erabakiak hartzera.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *