1 ZERGATIK HAINBESTE DESBERDINTASUN?

AUSTRALIAKO ABORIGENEK ZERGATIK EZ ZUTEN INGALATERRA INBADITU?

Haur guztiak berdin jaiotzen dira, biluzik. Baina berehala horietako batzuk boutique onenenetan erositako arropa oso garestiarekin estaltzen dituzte, gehienak zarpailekin janzten dituzten bitartean. Apur bat hazten direnean, lehenengoek bekozko iluna jartzen dute senideek edo pontekoek arropa gehiago ekartzen dietenean —beraiek beste opari batzuk nahiago izango bailituzkete—, eta bigarrenek amets egiten dute eskolara zulorik gabeko oinetakoekin joan ahal izango duten egunarekin.

Hau da gure mundua definitzen duen desberdintasunaren aurpegietako bat. Baliteke desberdintasun honi buruzko zerbait entzutea, baina ez duzu ikusten, izan ere, izan gaitezen zintzoak, zure eskolara ez baitoaz gabeziara edota bortizkeriara kondenatutako bizitza duten haurrak, munduko haur gehienak bezala. Teorian behintzat, badakit ohartzen zarela munduko haur gehienak ez direla zu bezalakoak edo zure gelakideak bezalakoak. Oraintsu galdetu zenidan: “Zergatik dago hainbeste desberdintasun?”. Nire erantzunak ni neu ere ez ninduen asebete. Beraz, berriro erantzuten utziko didazun esperantza dut, baina oraingoan galdera nik neuk eginda.

Australian bizitzen eta hazten ari zarenez, Sydneyko zure institutuan aborigenei buruzko jardueretara eta ikastaroetara joan zara eta, beraz, ezagutzen dituzu beraien eta beraien kulturaren aurka egindako bidegabekeriak. Kolonizatzaile britainiarrek mendeetan zehar zanpatu zuten haien kultura, eta gaur egun ere eskandalua den pobrezia egoeran bizi dira. Baina noizbait galdetu diozu zure buruari zergatik izan ziren britainiarrak Australia inbaditu zutenak, eta zergatik —nahi izan zutelako— lapurtu zieten lurra aborigenei, sarraskiak eginez, eta ez alderantziz? Zergatik ez ziren lehorreratu aborigenak Doverren, Londreserantz aurrera eginez berehala, bidean parean jartzen zitzaien ingeles bakoitza akabatuz? Apustu egiten dut zure institutuan irakasle bakar bat ere ez zela ausartu kontu hau aipatzera.

Galdera hau garrantzitsua da, ordea. Erantzuten ez badugu, pentsatu gabe, europarrak azken batean azkarragoak eta trebeagoak izan direla onartzeko arriskua daukagu. Kontrako argumentuak, aborigenak pertsona hobeak zirela eta horregatik ez zirela kolonizatzaileak izan, ez gaitu konbentzitzen. Ozeanoak zeharkatzeko moduko itsasontzi handiak eraiki balituzte, Ingalaterrako kostalderaino heltzeko eta armada ingelesa ihesean jartzeko adina arma eta botere eskuratu izan balute, orduan soilik onartuko genuke, ingelesak esklabotzat hartzea hautatu ez arren, ezta haien lurrak arpilatzea ere, ez Sussex, Surry edo Kenten.

Galderak sakona izaten segitzen du: zergatik hainbeste desberdintasun herrien artean? Akaso herri batzuk besteak baino azkarragoak dira? Ala beharbada beste zerbait da, pertsonen sorlekuarekin edo DNArekin zerikusirik ez duena, eta horrek azalduko luke zergatik zure hiriko kaleetan inoiz ez duzun ikusi Thailandian ibili zinenean sumatu zenuen pobrezia.

 

MERKATUAK KONTU BAT DIRA, ETA EKONOMIA BESTEA

Ekonomia eta merkatuak gauza bera diren iritzi okerra sustatzen du hazten ikusten zaituen jendarteak. Zer dira zehazki merkatuak? Merkatuak trukearen eremuak dira. Supermerkatuan gure dirua «trukatzen» dugu gurdia betetzeko hartu ditugun produktuengatik. Nagusiak edo supermerkatuko langileak jasotzen dute diru hori —azken honen soldata ere kutxan ordaindu dugun dirutik ateratzen da—, eta dirua kobratzen duenak beste gauza batzuengatik trukatzen du era berean. Dirua existituko ez balitz, saltzaileari berak nahiko lituzkeen beste ondasun batzuk emango genizkioke. Horregatik esaten dizut merkatua trukeak egiten diren lekua dela. Zehazki, gaur egun leku hori birtuala ere izan daiteke (gogoratu iTunes bidez aplikazioak edo Amazon bidez liburuak erosteko nola eskatzen didazun).

Zuhaitzetan bizi ginenean ere merkatuak genituelako azaltzen dizkizut kontu hauek. Baita lurra lantzen ikasi aurretik ere. Gure arbaso batek beste bati platanoa eskaintzen zionean sagarra eskatuz, truke modu bat genuen. Oinarrizko merkatua: sagar baten prezioa platano bat zen, eta alderantziz. Baina hau ez da benetako ekonomia. Benetako ekonomia sortzeko beste zerbait behar zen: ekoizten hasi behar zen, animaliak ehizatzera, arrantza egitera edo platanoak biltzera mugatu beharrean.

BI JAUZI HANDI: HIZKUNTZA ETA SUPERABITA
Duela 82.000 urte inguru gizakiek Lehen Salto Handia eman zuten: ahots-kordak soinu ulertezinak egiteko ez ezik,  hitzak esateko ere erabiltzea lortu zuten. 70.000 urte geroago
—alegia, duela hamabi milurteko inguru— Bigarren Salto Handia eman zuten: lurra lantzea lortu zuten. Lehen bezala oihuka aritu eta naturak ematen ziena (ehiza eta fruta) jan beharrean, hizkuntzak eta janaria ekoizteko aukerak ekonomia deitzen duguna sortu zuten.Gaur egun, gizakia lurra lantzeko aukeraz jabetu zenetik 12.000 urte geroago, une hura benetan historikotzat jo dezakegu: gizakiak, lehen aldiz, naturaren emankortasunaren mende ez egotea lortu zuen, ahaleginarekin lurra lantzen ikasi baitzuen, berarentzat ondasunak ekoizteko. Une pozgarria eta handia izan zen? Inola ere ez! Gizakiek lurra lantzen ikasi izanaren arrazoi bakarra gosea izan zen. Ehizarako zuten abileziaren ondorioz harrapatzen zuten gehiena desagerrarazi ostean, eta zuhaitzetako frutak denentzat nahikoa ez izateraino ugaldu ondoren, goseak lurra lantzeko moduak asmatzera behartu zituen gizakiak.Iraultza teknologiko guztiak bezala, hau ere ez genuen hautatu. Laborantzaren teknologia, nekazaritzaren ekonomiarena, besterik gabe… sortu egin zen! Eta nahi izan gabe, harekin batera, gizakien jendartea aldatu egin zuen. Lehen aldiz laborantza-produkzioak
benetako ekonomiaren oinarrizko elementua sortu zuen: superabita. Zer da hori? Elikatzeko eta urtean zehar erabilitako haziak —era berean aurreko urtean «aurreztu» genituenak— ordezkatzeko nahikoa izateaz gain, soberan geratzen den lurraren produktua, sobera dagoenez metatzeko aukera ere ematen duena, etorkizunean erabili ahal izateko. Esaterako, sasoi makur baterako gorde ditugun zerealak —kazkabarraren eraginez uzta galtzen bada ere—, edo hurrengo urterako pilatutakoak, etorkizuneko superabita handituz.

Hemen bi kontutan jarri behar da arreta. Batetik, zaila da ehizak, arrantzak eta fruituak biltzeak superabita sortzea, arrainek, untxiek eta platanoek iraunkortasun mugatua baitute, zerealak, artoak, arrozak eta garagarrak ez bezala. Azken hauek mantendu egin daitezke. Bestetik, laborantzaren superabita sortzeak jendartean honako mirariak ekarri zituen: idazkera, zorra, dirua, estatuak, armadak, kleroa, burokrazia, teknologia eta baita gerra biokimikoaren lehen modua ere. Ikus ditzagun banaka…

IDAZKERA

Arkeologoek diote lehen idazkera forma Mesopotamian agertu zela. Zertarako erabiltzen zen? Biltegi orokorrean nekazari bakoitzak utzitako labore kopurua erregistratzeko. Logikoa da: zaila zenez nekazari bakoitzak bere superabita gordetzeko biltegi propioa eraikitzea, errazagoa zen zaindari baten kontrolpean biltegi orokor bat izatea, nekazari bakoitzaren uzta gordetzeko. Antolamendu horrek, ordea, egiaztagiria eskatzen zuen, Nabuj jaunak biltegian ehun kilo gorde zituela adieraziz, esaterako. Hain zuzen ere, lehen idazkera honelako agiriak idatzi ahal izateko sortu zen, bakoitzak biltegi orokorrean zenbat utzi zuen egiaztatu ahal izateko. Ez da kasualitatea, ehizarekin eta fruituekin nahikoa zutelako nekazaritza garatzeko beharrik izan ez zuten jendarteak —Australiako aborigenak edota Ipar Ameriketako indigenak, esaterako— pinturarekin eta musikarekin konformatu izana, idazkera asmatzeko beharrik izan gabe.

ZORRA ETA DIRUA

Produktuen kopurua zehazten zuten eta zerealak gure lagun Nabuj jaunarenak zirela esaten zuten egiaztagiriak izan ziren zorraren eta diruaren sorreraren hasiera. Langile askok maskorren bidez kobratzen zuten, berriro ere arkeologia aurkikuntzen bidez jakin ahal izan dugunez. Lurren jabeek, haien lurretan egindako lanaren ordainetan, langileei zor zieten gari kilo kopurua idazten zuten maskor horietan. Zenbakiek aipatzen zuten garia beharbada oraindik ekoitzi ez zenez, maskor hauek ziren nagusiak langilearekiko zuen zorraren erakusle. Era berean, diru mota bat ere baziren, langileek maskorrak erabiltzen baitzituzten beste batzuen produktuak erosteko.

Dena dela, aurkikuntzarik interesgarriena diru metalikoaren sorrerari dagokiona da. Askok uste dute metalezko txanponak salerosketetan erabiltzeko asmatu zirela, eskuz esku pasatuz. Baina ez zen horrela izan. Mesopotamian behintzat, metalezko txanponak nekazarien superabita erregistratzeko erabiltzen ziren, gaur egungo erabilera izan baino askoz lehenago. Frogak ditugu: noizbait, txanpon metaliko birtualen bidez erregistratzen ziren biltegi orokorretan gordetako laboreen jabetza eskubideak. Txanpon birtualak? Bai,  birtualak. Esaterako, kontabilitate-erregistroan honakoa idazten zen:  «Nabuj jaunak hiru txanpon metalikoren balioa duten laboreak jasoko ditu».

Nabarmentzekoa da, ordea, txanpon hauek ez zirela existitu ere egiten —ez zituzten egin ehunka urte geroago arte—, eta existituz gero ere gehiegi pisatzen zuten batetik bestera ibiltzeko. Honela, superabitaren inguruko transakzioak edo salerosketak moneta unitate birtualen bidez egiten ziren. Horregatik zen beharrezkoa sinestea. Kreditu hitza latinezko credere hartatik dator, credit ingelesez. Sinetsi egin behar zen edo konfiantza izan: unitate birtual haiek laboreengatik aldatzeko balio zuten eta, beraz, merezi zuen lan egitea norbaitek haiek jasotzeko.

Hala ere, konfiantzari eusteko, beharrezkoa zen guk Estatua deitzen diogunaren antzeko zerbait egotea: nagusia hil ondoren ere iraungo zuen erakunde kolektiboa, konfiantzakoa, zegokionari bere superabitaren zatia emango ziona, zegokionean.

ESTATUA, BUROKRAZIA ETA ARMADAK

Honela, zorra, dirua, konfiantza eta Estatua eskutik doaz. Zorrik gabe ez legoke laborantzaren superabita kudeatzeko modu errazik. Zorra sortu zenean iritsi zen dirua. Baina diruak, balorea izateko, fidagarria bihurtuko zuen entitate kolektibo bat eskatzen zuen: Estatua. Ez da posible superabita ez duen Estaturik, kontu publikoak kudeatuko dituzten burokratak behar baititu (esaterako, bakoitzari zer zor zaion argitzeko gatazketan epaile gisara arituko direnak); baita jabetza eskubideak defendatuko dituzten poliziak ere; eta noski, baita arrazoiarekin edo arrazoirik gabe goi mailako bizimodua nahi duten agintariak ere. Horrelako ezer ezin da mantendu kontuan hartzeko moduko superabitik ezean, horiek guztiek lurra landu gabe bizi ahal izan daitezen. Era berean, superabitik gabe ezin da ongi antolaturiko armadarik ere eduki. Eta antolaturiko armadarik gabe, agintedunaren boterea, eta Estatuarena oro har, ezin da ezarri, jendartearen superabita kanpoko erasoen aurrean ahulduta geratzen den bitartean.

KLEROA

Ikuspegi historikotik aztertzen badugu, laborantzatik sortutako Estatu guztiek superabita modu erabat bidegabean banatu zuten, sozialki, politikoki eta militarki boteretsuak zirenen mesedetan. Hala ere, agintariak zitezkeen boteretsuenak izanda ere, ez zuten inoiz izango botererik gabeko nekazariei aurre egiteko adina indar, hauek, gehiengo zabala izanda, elkartuz gero, esplotatzen zituen erregimena ordu apur batzuetan eraitsiko bailukete.

Orduan, nola lortzen zuten agintariek botereari eustea eta superabita beraien mesedetan banatzea biztanleriaren gehiengoa haserretu gabe? Erantzuna honakoa da: agintariek izatez horretarako eskubidea zutela legitimatzen zuen eta gehiengoa konbentzitzen zuen ideologia barneratuta. Gauzek horrela behar zutela esanez. Odol urdinekoak zirela. Subiranotasunerako eskubidea botere goren batetik zetorkiela. Jainkoaren graziagatik zeudela gauzak zeuden bezala.

Egoera hura ontzat ematen zuen ideologia legitimatzailea eta menderatzailea gabe, Estatuaren eta subiranoaren botereak ez luke inolako etorkizunik izango. Norbaitek lagundu behar zien. Agintarien ondoan egongo zen, mundu honetan autoritate goren baten ordezkaria izango zen eta haren boterea bedeinkatuko zuen norbaitek. Zalantzarik gabe, ezin zuen pertsona bakar batek izan, laborantzan oinarritutako ekonomiak asmatu baino lehen tribuetan gertatzen zen bezala. Hauetan, superabitak jendartearen antolaketa soziala eta burokratikoa konplikatu egiten zuen. Estatuak bezala, jarraipena izan eta iraun egin behar zuen agintaria hil ondoren ere. Era berean, estatuaren boterearen estalki ideologikoa kleroak arautzen zuen, lehenik kleroa bera onartzeko asmatzen eta ezartzen zituen legeekin eta errituekin, heriotzari beldur ziotenen sineskeriak sustatuz, eta gero subiranoaren estatuaren boterea legitimatuz. Superabitik gabe, ez legoke inolako arrazoirik apaizen klaseko figura konplexuak sortzeko, eta ezin izango lirateke mantendu ere, haietako inork ez baitzuen ezer ekoizten.

TEKNOLOGIA

Gizakien adimenak lurra landu baino askoz lehenago ahalbideratu zituen iraultza teknologikoak, metalak edo sua erabiliz, esaterako. Baina laborantzaren superabitak modu harrigarrian bultzatu zuen teknologia. Logikoa zen. Lehenik, «asmatzaile» onenak liberatu zituen elikatzeko ehizatu behar izatetik. Asmakizun haien eskaera zegoen bitartean —lurra lantzeko balio zuten lanabesak, armadarentzat armak edo subiranoarentzat bitxigintza, esaterako—, produktu haien trukean laborantzako superabitaren zatia jasotzen zuten. Laborantzan oinarritutako ekonomiak berak, gainera, ordura arte ezezagunak ziren behar teknologikoak sortu zituen. Goldeak edo ureztatzeko ubide sistemak, adibidez.

GERRA BIOKIMIKOA

Superabitak bakteria hilgarriak sortzen ditu. Biltegi orokorretan lehen aldiz gari tonak metatu zirenean, eta biltegien inguruan herri eta hiriak sortuz jende asko pilatu zenean, behar zituzten animaliekin batera —esnearengatik, esaterako—, zeharo kontzentratutako biomasa hura guztia sekulako laborategi biokimiko erraldoia bihurtu zen, eta han barruan bakteriek azkar eboluzionatu zuten, biderkatu egin ziren, eraldatu, eta munstroak bihurtu, ordura arte jendeak landa guneetan ezagutu zituenekin alderatuz behintzat.

Arriskutsuak eta suntsitzaileak ziren gaixotasun berriak agertu ziren, hildako asko eraginez. Denborarekin, ordea, apurka, nekazaritzan oinarritutako jendarte haietako herritarrek, koleraren eta tifusaren bakterien zein gripearen birusaren aurkako tolerantzia garatu zuten, eta eramaile osasuntsuak izatera pasatu ziren. Bizilagunek mikroorganismo hiltzaile haietako milioika eramaten zituzten gorputzean, inolako eraginik jasan gabe. Arrazoi honegatik, nekazaritza garatu ez zuten herrietara eta eskualdeetara iristen zirenean, ez zen beharrezkoa haiek konkistatzeko ezpata ateratzea ere. Nahikoa zen eskua ematea gehienak kutsatu eta akabatzeko.

Honela, Australian zein Amerikan askoz indigena gehiago hil ziren inbaditzaile europarrek eramandako bakteriengatik, kanoikada, bala eta labankadengatik baino. Kasu batzuetan, europarrek berariaz erabili zuten gerra biokimiko hau, nahita. Amerikan, esaterako, tribu indiar bat honela suntsitu zuten, kolono europarren ordezkaritza batek tifusaren bakteriarekin kutsatutako mantak propio oparitu ondoren.

ITZUL GAITEZEN GALDERARA: ZERGATIK KOLONIZATU
ZITUZTEN BRITAINIARREK ABORIGENAK
ETA EZ ALDERANTZIZ?

Hasierako galdera korapilatsura itzultzeko ordua da: zergatik inbaditu zuten britainiarrek Australia eta ez aborigenek Ingalaterra? Oro har, zergatik agertu ziren superpotentzia inperialistak Eurasian, eta oraindik orain, zergatik bihurtu dira Ameriketako Estatu Batuak hauetako bat? (Europatik bertara migratu zuen hazia ernetu ostean). Zergatik ez zen sortu superpotentziarik Afrikan edo Australian? Bertako bizilagunen DNAgatik al da? Noski ezetz! Erantzuna azaldu berri dizudan horretan dago.

Ikusi dugun moduan, superabitean dago guztiaren hasiera. Armadak, estatu zapaltzaileak, idazkera, teknologia, sutautsa, nazioarteko bankuak eta abar sortzeko, laborantzaren superabita izan zen oinarria.

Ikusi dugun moduan, laborantzan oinarritutako ekonomiek arma biokimikoak ere garatu dituzte, Australiako aborigenen antzera laborantzan oinarritzen ez diren jendarteak desagerrazteko modukoak.

Ikusi dugun moduan, halaber, Australia bezalako herrialdetan, Europaren tamaina duen kontinente bateko flora eta fauna guztia beraientzat bakarrik zuten naturarekin zeharo bat eginda bizi ziren hiruzpalau milioi lagunek. Beraz, ez zuten falta elikagairik, eta ez zegoen inolako beharrik superabita metatzea ahalbideratuko zuen teknologia sortzeko.

Gaur egun badakigu —zuk behintzat ederki ezagutzen duzun zerbait— aborigenek poesia eta musika zutela, eta baita kulturalki balio handiko mitologia ere. Baina ez zuten bitartekorik beste herrialdeei eraso egiteko edo haiengandik babesteko. Ingurumari euroasiatiko hartan ageri ziren ingelesak, ordea, alderantziz: egitez behartuta zeuden superabita sortzera, haren baitako guztiarekin. Itsasontzi trasatlantikoetatik hasi eta gerra biokimikorako armetaraino. Beraz, Australiako kostetara iritsi zirenean, aborigenek ez zuten salbatzeko inolako esperantzarik.

ETA AFRIKA?

«Eta afrikarrak?» galdetuko didazu, logikoki. «Zergatik ez zen sortu gutxienez Europa mehatxatuko lukeen botere afrikar sendo bat? Zergatik izan zen esklabotza hain… alde bakarrekoa. Akaso beltzak ez ziren europarrak bezain trebeak?»

Horrelako ezerk ez du balio. Erreparatu Afrikako mapari eta alderatu bere forma Eurasiak duenarekin. Afrikak forma oblongoa duela ohartuko zara lehenik. Mediterraneoan hasten da, hegoaldera luzatzen da ekuatorerantz eta hego hemisferioko klima leunetara heldu arte jarraitzen du. Beste hitz batzuekin esanda, Afrikak klima ezberdineko zonalde asko ditu: Saharako basamortutik eta Saharaz hegoaldeko zonalde subtropikaletik hasita, klima erabat tropikaletara igaro eta Hegoaldeko Afrika leunera iritsi arte. Orain begiratu Europari. Iparraldetik hegoaldera luzatzen den Afrika ez bezala, Eurasia Atlantikoan hasi eta Ekialderantz hedatzen da, Txinako eta Vietnamgo kostaraino, Ozeano Barera. Alegia, luzea baino zabalagoa da.

Zer esan nahi du horrek? Esan nahi du Ozeano Baretik Atlantikoraino zeharkatu dezakegula Eurasia, benetako klima aldaketa askorik gabe. Afrikan, ordea, Johannesburgotik Egiptora joateko mila zonalde klimatiko zeharkatu behar dituzu. Baina zergatik da hori garrantzitsua? Arrazoi sinple bategatik: nekazaritzan oinarritutako ekonomiak garatu zituzten jendarte afrikarrek —gaur egungo Zimbabwek, esaterako—, ez zuten Europa aldera hedatzeko aukerarik, ezinezkoa baitzen beraien laboreak beste giro batzuetara moldatzea, iparralderago, ekuatorerantz edo Saharan. Eurasiako herriek, aldiz, nekazaritza ezagutu ondoren, mendebalderantz zein ekialderantz nahi zuten bezala hedatzeko aukera zuten, beste lurralde batzuk inbadituz eta haien superabitak lapurtuz, eta baita ihesera behartzen zituzten jendarte haien kultura usurpatuz ere, haien teknologia imitatuz eta inperio osoak sortuz. Geografia kontuengatik, Afrikan ezinezkoa zen horrelako zerbait.

ORDUAN, ZERGATIK HAINBESTE DESBERDINTASUN?

Munduko ondasunen banaketari dagokionez, Afrika, Australia eta Amerika europarrek esklabotzat hartu izana, azaldu ditugun baldintza geografiko objektiboen haritik ulertu behar da, modu determinista batean gaur egun bizi diren egoerara eraman baitzituzten Australiako aborigenak, Amerikako indigenak eta afrikar gehienak.

Ikusi duzun moduan, ez du zerikusirik pertsonen DNArekin, izan zuriak, beltzak, horiak ala urdinak. Gakoa laborantza superabitaren metaketa eta laboreak hedatzeko erraztasuna edo zailtasuna da, ez besterik. Izan ere, superabita metatzea eta estatu gisako erakunde espantsionista handiak sortzea (inperialistak, beste garai batzuetan esango genukeen moduan), elkar elikatzen dira.

Desberdintasuna, ordea, jendarte garatuetan ere hazi egiten da. Laborantzaren superabitak sortutako Estatuaz eta kleroaz aritzean esan nizun bezala, superabita metatzeak boterea eta, beraz, aberastasuna gutxi batzuengan erabat kontzentratzea ekarri zuen. Ezberdintasunean oinarrituta sortzen den botere politikoaren eraginez, ezberdintasuna elkarreragilea da boterearekiko: gero eta handiagoa bihurtzeko errepikatzen da.

Izan ere, metatu den superabiterako sarbidea izateak botere ekonomikoa eta politikoa ematen du —baita kulturala ere—, etorkizuneko superabitaren portzentaje are handiagoa eskuratzeko erabil daitekeen boterea. Modu errazagoan esateko, erraza da milioi bat euro ateratzea milioi asko badauzkazu. Ezer ez badaukazu, ordea, mila euro ere amets eskuraezina izan daitezke.

Ezberdintasuna bi mailatan gailentzen da, beraz. Batetik, nazioarte mailan. Horrek azaltzen du herrialde batzuk zein behartsuak ziren XX. edo XXI. mendeen hasieran, beste batzuk boterearen eta aberastasunaren abantaila guztiak zituzten bitartean, askotan herrialde pobreei dena lapurtu ondoren. Bestetik, barne mailan, jendarte bakoitzaren baitan. Zehazki, askotan ikusten dugu herrialde pobreenetan dauden aberats apurrak herrialde aberatsenetako dirudunak baino askoz aberatsagoak direla.

Gizateriaren lehen iraultza teknologikoak superabit ekonomikoa eragin zuen. Eta atal honetan kontatu dizudan historiak erakusten du zein den superabit ekonomiko horren sorreran dagoen ezberdintasunaren oinarria: laborantzaren garapena. Historia honek hurrengo atalean jarraituko du, desberdintasunak batez ere ondorengo iraultza industrialen eta teknologikoen erruz handitzen direla erakutsiz. Lurrun-makina edo ordenagailuak bezalako iraultzak, esaterako, zu bizi zaren jendartea sortzen lagundu dutenak bereziki.

DESBERDINTASUNA IDEOLOGIA ELKARRERAGILE GISARA

Kleroaz eta bere paperaz aritu naizenean, aipatu dut gezurrak erabiliz ontzat eman zutela superabita modu bidegabean banatzea, denen begien aurrean: aberatsak zein pobreak. Uste sendoak zituen sistema sortzeko bezain eraginkorrak izan ziren. Mitologia moduko bat, superabita eta honen banaketa bidegabea iraunkortzea laguntzeko.

Pentsatzen jarrita, ezer ez da kutsatzen boteredunek «merezi dutena» daukaten ustea baino errazago. Haurra zarenetik konbentzitzen duzu zeure burua —haur guztiek egiten duten bezala—, zure jostailuak, zure arropa edo zure etxea zureak direla, eskubide osoz. Gure garunak automatikoki egiten du ariketa: «X daukat» = «X merezi dut». Oinarri psikologiko honen baitan sortzen da boterean daudenak eta aberatsak —normalean pertsona berak izaten dira— konbentzitzen dituen prozesu ideologikoa: «zuzena», «egokia» eta «beharrezkoa» dela beraiek asko eta «besteek» askoz gutxiago edukitzea.

Ez aurpegiratu ezer. Benetan harrigarria da zein erraz konbentzitzen dugun geure burua, aberastasunaren banaketa «logikoa», «naturala» eta «zuzena» delakoan, batez ere gure aldekoa denean. Antzeko pentsamenduak gailentzen zaizkizunean, gogora ezazu hasieran esan duguna: haur guztiak berdin jaiotzen dira, biluzik, baina hasieratik batzuen patua arropa garestia janztea da, beste batzuek gosea, esplotazioa eta pobrezia zain duten bitartean. Ez zaitez inoiz erori errealitate hori «logikoa», «naturala» eta «zuzena» dela onartzeko tentazioan.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *